Estatu Batuetatik urruti samar bizi arren,
askotan hango gorabeheren oihartzunari ezin izaten zaio
ihesik egin, ezentzunarena eginda ere. Ba al dakizu,
besteak beste, zer jarri den orain modan? Landareak,
landare haragijaleak. Berria bitxia bada, beharbada ez
bitxi-bitxi horietakoa, baina interesa pizteko behintzat
balio du. Izan ere, nork daki zerbait landare
haragijaleei buruz?
Landare haragijaleek izaki bizidunak erakarri,
harrapatu eta irentsi egiten dituzte. Etxean
edukitzekotan, horrelako landareak etxe barruan eduki
behar dira, tenperatura- eta hezetasun-baldintza
estuak behar baitituzte bizi ahal izateko. Adituen
arabera, landare haragijaleak gustuen berotegietan
egoten dira.
Landare haragijaleak intsektu txikiak jatetik
bizi dira, eta ez kasualitatez. Izan ere, ez dago
energiarik gabe dabilen makinarik. Izaki gehienek
¾guztiek ez esateagatik¾ Eguzkitik hartzen dute behar
duten energia. Landareak ere, bizitza sortu ahal izateko
eta bizi ahal izateko, energia horretaz baliatzen dira,
Eguzkiaren argi-energiaz alegia. Fotosintesi-prozesuaren
bidez, landareek aireko karbono dioxidoa materia
organiko bihurtzen dute. Landareetan biltzen den energia
hori ¾dagoeneko karbohidrato, proteina, lipido… eran¾
beren lana osatzeko erabiltzen dute. Gainerako
elikagaiak ¾mineralak, ez-organikoak¾ lurretik ateratzen
dituzte. Lurra pobrea denean, landareak behar dituen
elikagairik ez duenean, landareak ezin du bizitza-zikloa
osatu, eta hil egiten da. Landare haragijaleak horrelako
egoeran hazi behar izaten dute.
Naturan, horrelako landareak gehienetan
aintzira-guneetan sortzen dira. Aintziretako lurra berez
pobre samarra izaten da, nitrogeno gutxi izaten du, eta
soilik hartaz baliatuta landareek ezin izaten dute bizi
ahal izateko behar-beharrezko dituzten proteina guztiak
ekoitzi. Beraz, haragijaleak eboluzioan egoera horretara
egokitu beharrean izan dira. Proteinak lortu ahal
izateko, haragia jatea baino irtenbide hoberik ez dute
aurkitu; hau da: intsektuak, krustazeoak, araknidoak eta
abar. Dena den, intsektu txikiak jaten dituzten
landareak lurra aberatsa den tokietan sortzen badira,
gai dira bizitza-zikloa intsektuak jan gabe osatzeko.
Janaria lortzeko, landare haragijaleek teknika
ugari erabiltzen dituzte. Ehizarako batzuk kolore
erakargarriez baliatzen dira, beste batzuk usainaz,
badira janaria itsasten den substantzien
bidez lortzen dutenak, eta abar. Gehienetan oso
mugimendu moteleko landareak izaten dira, baina badira
salbuespenak. Utricalaria generoko landareak, adibidez,
oso bizkorrak dira, intsektuak segundo batetik beherako
denboran harrapa ditzakete. Landare haragijaleak bost
kontinenteetan aurkitzen dira, baina batez ere toki
hezeetan. Dena den, lehorguneetan ere aurki daitezke.
Esate baterako, Drosophyllum Lusitamicum landarea toki
lehorretan hazten da, eta sustraiak lurpean zehar
barreiatzen ditu behar duen ura lortu ahal izateko.
Salbuespenak salbuespen, landare haragijaleentzat ura
ezinbestekoa da. Ez edozein ur gainera!
Zientzia-fikziozko filmetan ikusitakoagatik bestelakorik
pentsa badaiteke ere, landare hauek oso sentikorrak
dira. Hortaz, ur garbi-garbia behar dute, naturala,
klororik ez duena.
Landare haragijaleetatik ezagunena, beharbada,
Dionea generokoak izan daitezke. Landare hauek
hezeguneetan hazten da. Bere hostoen ertzean
masailezurren antzeko egitura osatzen duten iletxoak
dituzte. Izakiren batek iletxo horietakoren bat ukitzen
duenean, landarearen hostoak itxi egiten dira, eta
barruan dagoena harrapatu egiten du. Une horretan
landarea jaten hasten da, zukuak askatzen ditu eta
digestioa egiten du. Hostoak digestioa bukatu eta gero
irekitzen dira berriro, pare bat aste pasa eta gero.
Harrapatzen dituzten intsektuez gain, Dionea generoko
landareek beste gauza batzuk ere jan ditzakete, gazta,
arrautza zuringoa edo eta okela zati txikitxoak adibidez, baina digeritu
ezin dituen jakirik ez du hartuko. Harrapatu harrapatuko
ditu, baina askatu ere berehala askatzen ditu. 3-4 aldiz
jan eta gero, hosto harrapakaria moteldu egiten da.
Dionea generoko landareak sekulako arrakasta dute
landareak maitatzen dituztenen artean, eta modan
dagoenik badago, horiek Dioneak dira. Bulbo
txiki-txikiak direla saltzen dituzte eta zohikatz
fin-finean landatu behar dira. Landarea gustura egon
dadin, tenperatura beti 10 eta 30 gradu zentigraduren
artekoa izan behar da. Ur asko eman behar zaio Dioneari,
baina kloratutako urik ez. Ahal dela euri-ura erabili
behar da, baina ezin denean destilatua ere erabil
daiteke. Argia ere erruz behar dute Dioneek. Horregatik
eguzki-galdatan ere jar daiteke, baina kontuan hartu
behar da ez zaiola komeni 37 gradutik gorako
tenperaturarik. Dioneen loreak abenduan irteten dira.
Izar-itxura dute eta bost petalo zuri izaten dituzte.
Eguzkitan jarriz gero, hostoen barrualdea gorri-gorri
jartzen zaie. Hostorik zaharrenak udazkena iristearekin
batera belztu egiten dira. Irudimenak landare-haragijale
erraldoiak sortu ditu, animaliak zein gizakiak jateko
gai diren landare gosetiak. Baina ez dago zertan kezkatu
beharrrik, dendara joan eta lasai eros dezakezu
Dionearen bat edo beste landare haragijaleren bat,
erraldoi horietakorik ez baitago errealitatean.
7kn
argitaratua |